RSS
Ongietorri, Bienvenidos, Welcome. Zinearen ikasle eta maitalea. Estudiante y amante del cine. Cinematography student and lover. Gozatu, disfrutad, enjoy it! Eskerrik asko, Muchas gracias, Thank you!
.

EuskalKube a.k.a “El Hoyo”


Zuzendaria: Galder Gaztelu-Urrutia 
Urtea: 2019
Herrialdea: Euskal Herria / Espainia


      Mugikorreko promozio pakete izena duen ezizen hau, ezinhobeki egokitzen zaio euskal luzemetrai distopiko honi. Erretzen uzteko, diploma homologatu bat lortzeko eta On Kixote behingoz irakurtzeko aitzakiarekin, hormigoizko 4 pareten artean isolatzen den bolondresaren barne bidaiari buruz diardute luzeak dirauzen 94 minutuek.

“Sin tele y sin cerveza...” filosofiaren eta gizakiaren biziraute sen primitiboaren artean barreiatzen den istorio honek, eztabaida ugari irekitzen ditu. Goreng ta Tremagasi, neofito eta mentorea. Elkarren arteko tirabira dialektikoei adituz, bertikalki pilaturiko 333 solairuko kartzela honen sekretu gehienak aditzera ematen zaizkigu. Kapitalismoaren islada gisa funtzionatzen du, gehien duten gizabanakoen gula eta erruki falta nabarmena erakutsiz. Presoen arteko elkarlanak eta borondateak, ekimen demakokratiko sozialista batek, nolabait esateko, munstro handiari aurre egin lekioke, baina norbanakoaren berekoikeria da nagusitzen dena.

Hitza VS. Biolentzia. Beharrizan handiena dagoen uneetan, zerk “konbentzitzen” gaitu? Generoko zinezaleen amets guztiak asebetetzen ditu Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren lehen luzeak. Jorratzen diren sinbolo guztien artean, aipatzekoak dira honako hauek:
Tremagasik Gorengi hanka xerratu ostean, nabarmentzekoa da, sofrimendu eta odol/laban dantza zoro guzti horren ostean, protagonista beste kartzelakide batekin esnatzen dela, hain zuzen, subkontzientean gorderik zeukan Imoguirirekin (Antonia San Juan). Kointzidentzia hau arraro samar egiten zaigun arren, istoriak aurrera jarraitzen du eta bikotea ze pisutan esnatzen den erakusten zaigu: 33. pisuan, hain zuzen be. Eta Gorengek, fikziozko pertsonai ezagunenetako baten pare, 33 zenbakiaren atalasean heriotzarekin topo egin badu? Egin apustu!

GORENG, 33. PISUAN, ARRISKU GUZTIEN ITU

Bestalde, azpimarratzekoa da 333. pisuan ezustean agertzen den nerabea. Kartzelak dituen arau guztiak hausten dira istorioaren puntu honetan: plataforma jaisterakoan, janaria gelan mantentzeko aukerea, adin horretako ume baten presentzia, etab. Ez ahal da gaztetasun hori, etorkizun baten esperantzaren adierazpena izango? Postrea tentuz defenditu arren, mezuaren benetako izaera zein den kontatzen zaigu: gaztetorkizuna.

Kartzela beraren antolaketa bertikalak, protagonistaren barne bidaiaren irudi gisa funtzionatzen du. Gero eta barnerago murgilduz, sen primarioen lurraldean sartzen gara, bakoitzak hondoan duen umea agerian gelditzen zaigularik.
Munduan zehar, areto asko ditu bilbotarraren film honek bisitatzeke. Merezi duen arrakasta lortzen ez badu, argi dagoena da Gaztelu-Urrutiak aldarrikapen galanta egin duela ikus-entzunezkoen panoraman.

“Hiru pertsona mota daude: goikoak, behekoak eta Galder Gaztelu-Urrutia.”
 

Copyright 2009 MGM Films. All rights reserved.
Markel Goikoetxea.